Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Poulenc, Francis

Frantses musikagilea eta piano-jotzailea (Paris, 1889 - Paris, 1963). Ricardo Viñes-ekin egin zituen piano ikasketak, eta ikasleak musikarako zuen gaitasuna ikusirik, Milhaud, Satie, Auric, Cocteacu, Casella eta beste musikagile batzuekin jarri zuen harremanetan. 1920. urtean harmonia ikasketak egin zituen Koechlinekin, eta 1921. urtean Milhaudekin joan zen Vienara, eta Schoenberg, Berg eta Webern ezagutu zituen han. 1935. urtetik aurrera Pierre Bernac baritonoaren piano-jotzaile izan zen, eta Europan eta Estatu Batuetan zehar ibili zen. Poulenc-en musikan Debussy, Satie, Stravinski eta Ravel-en eragina nabaria da. Seien Talde-ko partaide izan zen, eta taldearen helburuak zintzoen bete zituena. Denetan erromantizismoaren kontrakoena, bromazaleena eta estilo aldetik soilena izan zen. Musikagile sentikorra, antiakademikoa eta etorri handikoa izan zen. Kantu bildumak argitaratu zituen, haien artean, Bestiaire (1919, Bestiario); Figure humaine (1945, Giza irudia) kantata; eliz musika a cappella edo orkestrarako: Meza (1937); Litanies à la Vierge noire (Letaniak Ama Birjina beltzari); Quatre motets pour un temps de pénitence (Lau motete penitzentzia aldirako); Stabat Mater (1951). Hiru opera idatzi zituen, pianorako lanak, haizezko tresnetarako lanak, sonatak biolin eta pianorako, kontzertuak piano bat edo bitarako, klaberako kontzertu bat.