Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pontevedra

Galiziako Autonomia Erkidegoko hegoaldeko probintzia. Mugak: iparraldean, Coruñako probintzia; ekialdean, Lugo eta Ourense; mendebalean, Ozeano Atlantikoa; hegoaldean, Portugal. 4.477 km2 eta 915.152 biztanle. Galiziako probintzia txikiena eta biztanle gehienekoa da. Hiriburua, Pontevedra. Hiri nagusiak: Vigo, A Estrada, Villagarcia de Arousa, Redondela eta Marin. Hizkuntzak, galegoa eta gaztelania. Itsasertzeraino luzatzen diren mendikateak daude herrialdearen ekialdean. Miño eta Arousa ibaien artean luzatzen den kostaldean hiru itsasadar nagusi daude: Arousa, Pontevedra eta Vigo, iparretik hegoaldera. Cambo, Deza, Trasdeza, Ulla, Tierra de Montes eta Salvaterrako konderria dira Pontevedrako probintziako eskualde nagusiak. Klima ozeanikoa da. Nekazaritza (patata, artoa, lekadunak, fruitu arbolak, mahastiak, behi azienda), arrantza, honen inguruan sorturiko industria (ardogintza, janari industria) eta mea ustiakuntza (eztainu eta wolframio hobiak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Itsas armadako akademia dago Maringo hirian.