Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pomodoro, Arnaldo

Italiar eskultorea (Morciano di Romagna, 1926). Arkitektura eta agertoki diseinuko ikasketak egin zituen, eta ondoren urregile gisa hasi zen lanean. Lanbide hark bultzatuta zaletu zen eskulturarekin. 1954. urtean Milanera aldatu zen, eta han egin zuen bere lehenengo erakusketa, hurrengo urtean. Pomodororen lehenengo eskulturetan informalismorako joera nabarmentzen da, baina aurreragokoetan arte konkretuari eta futurismoari heldu zien, eta futurismo joeraren baitako artistatzat hartua da horrenbestez. Bere obrarik ezagunena Koloniako Goi Mailako Hezkuntzako Kolegiorako egindako Grande Omaggio alla Civilitá Tecnologica (Zibilizazio teknologikoari omenaldi handia) eskultura da, zalantzarik gabe. 1963. urtean Sao Pauloko Bi Urtekoko saria eskuratu zuen eta hurrengo urtean, 1964an, Veneziako Bi Urtekoan, italiar eskulturaren saria eman zioten.