Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

platirrino

izond. Zool. Primateen ordenako izen bereko azpiordenako tximinoez esaten da. Orain arte platirrino guztiak phylum berekoak zirela uste izan da, baina jakintsu gehienek bestela uste dute gaur. Beraz, denak azpiordena berean sartzea ez litzateke zuzena. Behe mailako tximinoen ezaugarriak badituzte, baina goikoetara, katarrinoetara, hurbiltzen dituzten beste hainbat ere bai. Bi sudur-zuloak bereizten dituen mintz zabal bat dute, eta isats luzea, batzuek oratzailea. Gorputza oro har zuhaitzetan ibiltzeko egokitua dute. Hortzak ordea, katarrinoen antzeko samarrak dituzte; burua behe mailakoen aldean barrunbe handikoa dute, eta ikusmena ona, batez ere neurri txikitako platirrinoetan. Hilekoa ere izaten dute, nahiz batzuetan odolik ez agertu. Hiru familia (zebidoak, kalitrizidoak eta atelidoak), eta 76 bat tximino mota sartzen dira platirrino izenez ezagutzen den taldean. Platirrino mota guztiak Ameriketan bizi dira. Fruituak eta intsektuak jaten dituzte.