Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Platini, Michel

Frantses futbolaria (Joeuf, Lorrena, 1955). 11 urterekin hasi zen futbolean jokatzen, eta 1973an egin zuen debuta Frantziako Ligako lehen mailan, Nancy taldearekin. 1977-78 denboraldian Kopa irabazi zuen bere taldearekin, eta harrezkero garbi erakutsi zuen kalitate bikaineko jokalaria zela. 1980. urtean Saint Etienne taldeak kontratatu zuen eta 1982az gero Juventus taldean jokatu zuen. Talde haiekin lortu zituen, besteak beste, Liga txapelketak (Frantziakoa 1980-81ean, Italiakoa 1983-84 eta 1985-86an), Errekopa (1983-84), Kopa (1982-83), Superkopa (1984) eta Kontinente arteko kopa (1985). Bestalde, Europan diharduen jokalari onenari ematen zaion Urrezko Baloia eskuratu zuen 1983, 1984 eta 1985ean. 70 alditik gora izan zen Frantziako selekzioaren jokalari, eta Argentinako munduko txapelketan (1978), Espainiakoan (1982) eta Mexikon, 1986an, parte hartu zuen; Nazioen Eurokopa irabazi zuen 1984an (golegile handiena bera izan zen). 1987an futbolista karrera utzi, eta hurrengo urtean Frantziako selekzioaren entrenatzaile izendatu zuten (1992 arte), eta 1990ean Frantziako futbol federazioko zuzendaritzako kide. 1998an Frantziako Munduko Koparen antolaketa batzordeko lehendakari izan zen. 1990ean espetxe zigorra ezarri zioten Saint Etienne taldean aitortu gabeko funts batetik zenbait futbolistari ordaintzen zitzaien prima zela eta.