Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pirandello, Luigi

Italiar idazlea (Agrigento, 1867 - Erroma, 1936). Merkatari familia aberats bateko semea zen; filologia ikasketak egin zituen Erromako unibertsitatean eta Bonn-ekoan. Erroman hartu zuen gero bizilekua eta literaturgintzari ekin zion bete-betean. Lehen lanak poesiak izan baziren ere, kontakizun liburuak eta eleberriak idazten hasi zen berehala, estilo errealistaz betiere: L’esclusa (1901, Egotzia). Ekonomia arazo larriak izan zituen 1903an, eta italiera irakaslea izan zen aldi batez; bestalde, garai hartan bere emaztea zoratu zen eta erietxe batera eraman behar izan zuen, betiko, 1919an. Horrek guztiak eragin sakona izan zuen idazlearengan eta hasierako errealismoa eguneroko munduaren izaera errealari buruzko hausnarketa bihurtu zen. Horren erakusgarri dira Il fu Mattia Pascal (1904, Mattia Pascal zena) eta La vida nuda (1910, Bizitza gordina) kontakizun bildumak. Dramagile gisa nabarmendu zen, ordea, Pirandello: haren antzerkian umoreak garrantzia du, betiere ilusioa eta errealitatea nahastuta. Aipatzekoak dira, antzerkilanen artean, Cosi è, si vi pare (1917, Hala da, hala iruditzen bazaizue), Enrico IV (1918, Henrike IV.a), Sei personaggi in cerca d’autore (1921, Sei pertsonaia autore bila; obra horrekin hasi zen Pirandelloren arrakasta, bai ikusleen, bai kritikaren aldetik); eta amaitu gabeko I giganti della montagna (1936, Mendiko erraldoiak). Literaturako Nobel saria irabazi zuen 1934. urtean.