Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pinu

iz. Sin. ler. Zuhaitz erretxinaduna, zur aski gogorra eta ona duena, fruitutzat pinaburuak ematen dituena (Pinus sp.).  v Insignis pinua (Pinus radiata). Gehienez 40 m luze egiten dena, adaje biribil samarra eta azal arre grisaxka dituena. Hosto meheak eta punta-zorrotzak izaten ditu, 10-15 cm luzeak eta hiru hosto-orratzeko sortatan antolatuak. Pinaburuak kono edo arrautza itxurakoak ditu.  v Itsas pinua (Pinus pinaster). 30 m inguru luze egiten dena eta enbor erretxinatsua, azal lodikoa eta kolore marroi gorrixkakoa duena. Adarrak bihurri tartekatu samarrak ditu, adajeari egitura jakinik ematen ez diotenak beraz. 10-15 cm luzeko hostoak ditu, bina orratzeko sortatan antolatuak. Mediterraneo itsasoaren inguruko mendebaleko lurraldeetan, Atlantiko alderako itsasbazterretan eta Afrika hegoaldean hazten da batez ere.  v Pinu gorria edo basa pinua (Pinus sylvestris). 30 m inguru luze egiten dena eta azal arre gorrixka duena. Adaburua ginbail itxurakoa izaten du. Hostoa itsas pinuaren antzekoa izaten du, eta harena bezala binako sortatan antolatua; neurriz ordea laburragoa da, 3-8 cm luzekoa. Laponiatik Espainiara bitarteko lurraldeetan hazten da, eta ekialdean, berriz, Siberiara bitartekoetan.  v Larizio pinua (Pinus nigra laricio). Pinu beltz mota, hosto bigun samarrak, okerrak eta kolorez gris berdaxkak dituena, batez ere Korsikan, Sardinian eta Italiako hegoaldean hazten dena.  v Pinazi pinua (Pinus pinea). 25-30 m luze egiten dena eta ginbail edo aterki itxurako adajea duena. Enborrak bizpahiru adar-sarde nagusi izan ditzake. Hostoak mehe luzeak ditu (10-20 cm) eta binakako sortatan banatuak. Mediterraneo itsasoaren inguruko mendebaleko eskualdeetan, Alemanian eta Europako erdialdean hazten da gehienbat.  v Alepo pinua (Pinus halepensis). 18 m inguru luze egiten dena eta enborra bihurria eta azal marroixkakoa duena. Hiru orratzeko hosto luze iraunkorra izaten du. Berez Mediterraneo itsasoaren inguruko lurraldeetakoa da.