Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Piglia, Ricardo

Argentinar idazlea (1941). Literaturako irakasle izan da Argentinan zein Estatu Batuetan, eta zenbait ikastaro pribatu eman ditu argentinar literaturari buruzko bere behaketak eta gogoetak oinarri harturik. Literatura ekoizpenari dagokionez, kontakizun laburraren generoa landu du, adibidez La invasión (Inbasioa) eta Nombre falso (1975, Izen faltsua) lanetan, zeinetan bateratzen baititu amerikar erregionalismoari eta errealismoari buruzko gogoetak eta Jorge Luis Borgesenaren tankerako ariketa apokrifoak. Berak asmaturiko egileen testuez eta pertsonaia historikoen arteko irudizko topaketez baliatzeko joera nabarmenago ikusten da bere eleberrietan, Respiración artificial (1980, Arnasketa artifiziala) eta La ciudad ausente (1992, Hiri ausentea, Gerardo Gandinik operarako egokitua) lanetan. Pigliak lan aipagarria egin du kritikan, eta lan hori Crítica y ficción (1986, Kritika eta fikzioa) obran dago bilduta.