Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Phillips-en kurba

Ekon. Epe jakin bateko langabezia mailaren eta epe horretako dirutan neurturiko soldaten (diru soldatak deitzen direnak, hots, errealak ez direnak), edo bide batez horietatik deduzi daitezkeen prezioen aldakuntza tasen (inflazioaren) arteko erlazioa adierazten duen kurba. A.W. Phillips ingeles ekonomialaria izan zen behaketa enpirikoz jasoriko datuez marrazten den kurba hori aztertu zuen lehena; hori dela eta du haren izena. Kurba horren arabera langabezia tasak beherantz egiten badu, diru soldatak bizkorrago hazten dira eta alderantziz, langabezia tasa handitzen bada, diru soldatak motelago hazten dira. Kurba horrek beraz, langabeziaren eta eskariak sorturiko inflazioaren (ik. inflazio) artean trukea dela adierazten du. Iraganean kurba horrek adierazten duen erlazioaren aldeko datu enpiriko ugari izan bada ere, azken urteotan gero eta maizago gertatu dira langabezia eta inflazioa elkarrekin izan diren epeak (estagflazioa).