Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Perpiñá Grau, Román

Espainiar ekonomista (Reus, 1902 - Reus, 1991). Deustuko Unibertsitatean egin zituen Ekonomia zientzietako ikasketak. Ondoren Frankfurten eta Berlinen osatu zituen; Berlinen eskuratu zuen doktoregoa, 1929. urtean. Besteak beste, Valentziako Ikerketa Ekonomikoetako Zentroaren sortzailea eta zuzendaria (1929-1941) izan zen, eta Madrilgo Unibertsitate Complutenseko teoria ekonomikoko irakasle (1945-1955) eta Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluko (CSIC) kide (1940tik aurrera) ere izan zen. Valentziako zentroan eman zuen argitara bere obra nagusia, De economía hispana (1936, Hispaniar ekonomiari buruz). Obra horretan espainiar ekonomiaren analisi estruktural bikaina egin zuen, gaur egun oraindik ere interes handikoa gertatzen dena. Hainbat ikerketa eta monografia paratu zituen biztanleriaz, errentaren eskualdekako banaketaz, eta termino berrien sortzaile gisa nabarmendu zen: berak sortuak dira, esaterako, aerokora terminoa –biztanleria gutxiko lurraldeak, eta beraz ekonomian zeresan handirik ez dutenak izendatzeko terminoa–, edo dasikora, aurrekoaren antonimoa. Nazioarteko ekonomian aditua izan zen eta egitura ekonomikoari buruzko ikerketa garrantzitsuengatik nabarmendu zen; bera izan zen lehenengo hispaniar estrukturalistetako bat. Aipagarriak ditu, orobat, Exposición sobre la crisis económica mundial (1932, Munduko krisi ekonomikoaz), Corología: teoría estructural y estructurante de la población de España. 1900-1950 (1954, Korologia: Espainiako biztanleriaren teoria estruktural eta estrukturatzailea. 1900-1950), Origen y ocaso de las talasocracias (1965, Talasokrazien jatorria eta gainbehera) eta De economía crítica 1930-1936 (1982, Ekonomia kritikoaz, 1930-1936).