Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peri Rossi, Cristina

Uruguaitar idazlea (Montevideo, 1941). Literaturako irakasle gisa lan egin du, eta 1974. urteaz geroztik Bartzelonan bizi da. Olerki liburu bikainak eman ditu argitara, adibidez Evohe (1971), Descripción de un naufragio (1974, Hondaketa baten deskribapena), Diáspora (1976, Diaspora), Los amores (1978, Amodioak), Lingüística general (1979, Hizkuntzalaritza orokorra) eta Babel Bárbara (1991). 1968an Gazteen Saria eman zioten Los museos abandonados (Museo abandonatuak) ipuin liburuari esker. Eta ipuinak bildu zituen orobat La tarde del dinosaurio (1976, Dinosauroaren arratsaldea), La rebelión de los niños (1980, Haurren matxinada) eta El museo de los esfuerzos inútiles (1983, Alferreko ahaleginen museoa) lanetan, besteak beste. Baina olerkigintzaz eta ipuingintzaz gainera, eleberrigintza ere landu du; Perirenak dira El libro de mis primos (1970, Nire lehengusuen liburua) eta La nave de los locos (1984, Eroen ontzia) eleberriak. Bere literaturaren ezaugarri nagusiak irudimena eta metaforaren erabilera bikaina dira. 1997an beste olerki liburu bat eman zuen argitara, Inmovilidad de los barcos (Itsasontzien gelditasuna) izenburupean.