Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pennsylvania

Estatu Batuetako ipar-ekialdeko estatua. Mugak: iparraldean, Erie aintzira eta New Yorkeko estatua; ekialdean, New York eta New Jerseyko estatuak; hegoaldean Delaware, Maryland eta Mendebaleko Virginia; eta mendebalean Mendebaleko Virginia eta Ohio. 117.413 km2 eta 11.961.000 biztanle. Hiriburua, Harrisburg. Hiri nagusiak: Allentown, Altoona, Bethlehem, Erie, Filadelfia, Gettysburg, Pittsburgh, Reading eta Seranton.  v Ekonomia. Nekazaritza (garia, garagarra, barazkiak, artoa, fruitu arbolak, behi eta ardi azienda) eta, batez ere, industria (Pittsburgh da Estatu Batuetako lehen altzairugintzagunea) dira ekonomia jarduera nagusiak. Lurpeko aberastasunen ustiakuntza (ikatz, petrolio eta gas hobiak) urritu egin zen Lehen Mundu Gerraz geroztik, baina industria mota asko garatu da hiri nagusien inguruan (Filadelfia, Pittsburgh, Bethlehem, Harrisburg): janari industria, kimika industria, tresneria elektrikoa, altzairugintza, ehungintza, automobilgintza. Filadelfia, Pittsburgh eta Erie dira estatuko portu nagusiak eta lehen bi hirietan daude, halaber, bi aireportu garrantzitsuenak.  v Historia. Pennsylvanian algonkindar herriak bizi ziren europarrak hara iritsi zirenean. Suediarrek (1643) eta alemaniarrek (1647) ezarri zituzten lehen kolonia europarrak. 1664an ingelesak nagusitu ziren lurralde honetan; 1681ean William Penn kolonoaren jabego bihurtu zen (ik. Penn). XVIII. mendean borroka latzak izan ziren jatorrizko biztanleen, alegia indiarren eta europarren artean (1754-1763, frantses eta indiarren arteko gerra). Independentziako gerraren atarirako, Pennsylvania gune nagusia zen ekonomian, politikan eta arlo militarrean, eta han egin ziren Kontinenteko Lehen eta Bigarren Kontseiluak (1774 eta 1775-1776). Filadelfian izenpetu zuten, halaber, Estatu Batuen independentziaren aldarrikapena eta Konfederazioko hiriburu bihurtu zen (1783-1789). 1861. urtean Estatu batuen Banakuntzarako gerra hasi zenean (1841) gune militar garrantzitsua egin zuten Pennsylvania eta Gettysburg hirian eskuratu zuten batasunaren aldekoek gerrako garaipen sonatuenetako bat. Gerra amaitutakoan lehen mailako industria, merkataritza eta finantzagune bilakatu zen Pennsylvaniako estatua.