Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

penizilina

iz. Farm. Penicillium notatum eta Penicilium chrysogenum lizunetatik ateratako antibiotikoa. Hau da antibiotikorik ezagunena eta erabiliena. Fleming-ek aurkitu zuen ustekabean 1929an laborategian ikerketa batzuk egiten ari zela. Penizilina molekularen sintesi osoa J. C. Sheehan-ek lortu zuen 1957an, eta lorpen handitzat hartua izan zen. Penizilina ekoizten duten lizunak elikagarria den ingurune azukretsuan lantzen dira (arto likorea, laktosa…), eta handik egun batzuetara hartziduraz eratzen den gaia disolbatzaile bidez erauzten da disoluziotik edo ikatz aktibatuaren gainean xurgatzen da. Zenbait penizilina mota biosintesi bidez lortzen dira, disoluzio azukretsuari penizilina eratuko duten gai egokiak gehituz. Penizilina mota asko daude: bentzantinaren G penizilina, G bentzilpenizilina, sodio metazilina, fenoximetilpenizilina eta abar. Penizilinak eragin handia du koko eta espirokoko askoren gainean, baina badira antibiotiko honekiko erresistentzia lortu duten bakterio mota batzuk. Alergia erreakzio indartsuak sor ditzake eta ez da inoiz hartu behar sendagileak agindu gabe.