Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pellico, Silvio

Italiar idazlea (Saluzzo, 1789 - Turin, 1854). Erlijioan oinarritutako heziketa zorrotza izan bazuen ere, Frantzian bizi izan zen urteek (1800-1809) eragin handia izan zuten Pellicorengan, eta ideia liberaletara jo zuen. Milana itzuli ondoren Francesca da Rimini (1815) tragedia idatzi zuen. Mme. de Stael, Schlegel eta Byron ezagutu zituen. Erromantizismoaren inguruko artikulu batzuk idatzi zituen Il Conciliatore egunkarian. Kartzelan sartu zuten “Carbonari” taldeko kide izateagatik eta heriotza zigorra eman zioten (1820). 1822. urtean heriotza zigorra kendu eta hamabost urteko kartzela eman zioten. Hamar urte igaro zituen presondegian Venezian eta Spielberg-ko gazteluan. Kartzelatik atera ondoren Turinen jarri zen bizitzen, eta Le mie prigioni (1832, Nire kartzelak) oroitzapen liburua argitaratu zuen.