Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peirce, Charles Sanders

Estatu Batuetako zientzialaria, filosofoa eta logikoa (Cambridge, Massachusetts, 1838 - Milford, Pennsylvania, 1914). Kimika ikasketak egin zituen Harvardeko unibertsitatean. Astronomia lanak egin zituen, fotometriazkoak batez ere (1878, Photometric Researches). Pendulua erabiliz Lurraren neurketak eta grabitatearen azterketak egin zituen. 1867an Ameriketako Antzeen eta Zientzien Akademiako kide hautatu zuten, 1877an Zientzietako Akademia Nazionalekoa eta 1880an Londresko Matematika Elkartekoa.  v  Lan gehienak fisikaren alorrean egin zituen arren, logika izan zuen Peirce-k gairik gustukoena. Logika hartu zuen filosofia ikerketa guztien oinarritzat. Semiotikarekin lotu zuen logika, eta biak batera aztertu zituen (A System of Logic, Considered as Semiotic). Ideia baten esanahia ideiak berak dituen ondorioak aztertu ondoren erabaki zitekeela proposatu zuen; ikerketa bide horri pragmatismo izena eman zion. ik. pragmatismo. Bizi izan zen bitartean bere lanak ez ziren ezagutzera eman. Saiakera nagusiak: Chance, Love, and Logic (1923, Zoria, maitasuna eta logika) obran agertu ziren,egilea hil ondoren; eta 1931-1958 bitarteko urteetan argitaratu zen Peirceren obren bilduma.