Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Patti, Adelina

Italiar sopranoa (Madril, 1843 - Craig-y-Nos Castle, Gales, 1919). New Yorken egin zituen kantu ikasketak. 1859. urtean Donizettiren Lucia de Lammermoor operarekin egin zuen aurkezpena New Yorken. Bi urte geroago Londresko Covent Garden antzokian, Belliniren La sonnambula operako Amina-ren pertsonaia kantatu zuen. Rossini, Bellini, Meyerbeer, Gounod eta Verdiren hasierako operetako pertsonaiak kantatu zituen. Ahots arina eta gardena zuen, nota tarte zabala hartzen zuen, eta XIX. mendeko coloratura kantaririk ospetsuena izan zen. Arrakasta handia lortu zuen, batez ere pertsonaia hauekin: Mozarten Don Giovanni operako Zerlina; Meyerbeer-en Dinorah-ko Dinorah; eta Rossiniren Sevillako bizargilea-ren Rosina; izan ere, Pattirentzat idatzi zuen Rossinik obra hori.