Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Patterson, Floyd

Estatubatuar boxeolaria (Waco, Ipar Carolina, 1935 - New Paltz, New York, 2006). Munduko eta Olinpiar Jokoetako txapeldun. Haurra zela familia Brooklynera joan zen bizitzera. Gaztetan Wiltwyck Schoolera bidali zuten ikasketak egitera, eta boxeoa ere eskolan ikasi zuen. New Yorkera itzuli zenean, Golden Gloves lehiaketa ospetsuan parte hartu zuen, eta pisu ertaineko txapeldun izan zen 1951 eta 1952. urteetan. 1952ko Olinpiar Jokoetan –Helsinkin (Finlandia)– borrokaldi guztiak irabazi zituen, eta horren ondoren profesional egin zen. Profesional gisa, bere lehenengo 36 borroketatik bakarra galdu zuen. 1956an, Archie Moore mendean hartuta, pisu astuneko munduko txapeldun izan zen, pisu astunen historiako txapeldun gazteena, profesionaletako titulua lortzen zuen lehenengo olinpiar txapelduna. Lau aldiz defendatu zuen titulua, 1959an Ingemar Johansson suediarraren aurrean galdu baino lehen. Urtebete geroago bost borrokalditan menderatu zuen Johansson, eta pisu astuneko titulua galdu ondoren berriro irabazten zuen lehenengo boxeolaria izan zen. Zenbait borrokalditan defendatu zuen titulua, Sonny Listonen aurrean galdu baino lehen (1962). 1972an Muhammad Aliren kontra borrokatu zen, eta galtzaile atera zen. Hura izan zuen azken borroka.