Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Parmigianino

(Jaiotza izena Francesco Mazzola). Italiar margolaria (Parma, 1503 - Casalmaggiore, 1540). Pintore familia bateko semea zen. Correggiorekin lan egin zuen; haren eragina nabarmena da Parmigianoren obretan, Parmako San Giovanni Evangelista elizako freskoetan, bereziki. 1524. urtean Erromara joan zen, eta han Michelangelo eta Rafaelen obrak ezagutu zituen. Parmigianino manierismoaren sortzaileetariko bat izan zen; hala, joera horretako obra nagusitzat hartu dira haren Familia Santua (1524) eta San Jeronimoren ikuskaria (1526-1527, Londresko Galeria Nazionala) obrak. Erromatik Boloniara joan zen, eta garrantzi handiko beste bi obra egin zituen han: Arrosako Ama Birjina (1528-1530, Dresdeneko galeria), eta Ama Birjina eta Haurra, San Juan, Magdalena eta San Zacarias (1530, Uffizien galeria). Parmara itzuli zen 1531. urtean. Madonna dal Collo Lungo (1534, Ama Birjina Lepaluzea) eta Santa Maria della Steccata elizako freskoak izan ziren azken garai horretako lan nagusiak.