Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Parnell, Charles Stewart

Irlandar politikaria (Avondale, Wicklow, 1846 - Brighton, 1891). Ingeles jatorriko familia protestante bateko semea zen, baina bera irlandarren alde borrokatu zen. 1874. urtean Parlamentuko Behe Ganberan sartu ondoren, Irlandar Alderdi Autonomistako buruzagi (Home Rule Party) izendatu zuten. Diziplina zorrotza ezarri zuen alderdian, eta bitartekari lanak egin zituen kontserbadoreen eta liberalen artean. 1879. urtean Irish Land League, Nekazarien Ligako lehendakari izendatu zuten, eta nekazarien matxinada zapaltzeko 1880. urtean ezarritako legearen aurka borrokatu zen. 1881ean kartzelan sartu zuten Kilmainham-en. Kartzelan zegoelarik, liberalen buruzagiak, Gladston-ek, proposaturiko ituna sinatu zuen (Kilmainham Treaty) eta aske utzi zuten; horren arabera, nekazarien matxinada geldiarazteko ardura hartu zuen Parnellek Ingalaterrako gobernuaren eskaintza batzuen truke. Handik gutxira, Irlandarako idazkari ingelesa hil zuten Phoenix Park-en (1882); atentatu honek britainiarrengan sorrarazi zuen haserreak kalte handia egin zion Parnellen politikari, eta zapalkuntza lege berrietarako bidea erraztu zuen. 1887an, Parnell atentatuaren egileekin lotzen zuten dokumentu batzuk argitaratu zituen Times egunkariak; epaitegian, egozten zioten guztia gezurra zela frogatu ahal izan zuen. Hark britainiarren iritzia aldatu, eta garaipen gertatu zen Home Rule-ren partiduarentzat. Familiako arazo batek amaiera eman zion Parnellen politika ibilbideari: bere lankide baten emaztearekin harremanak zituela eta, dibortzio prozesu bat bideratu zen eta Parnell errudun atera zen (1890). Gladston-ek eta Alderdi Liberal osoak Parnellekin zituen harremanak eten zituen, eta Irlandako elizak gogor gaitzetsi zuen; bere alderdiaren gehiengoa ere Parnell-en aurka jarri zen. Handik gutxira hil zen.