Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Parma

Italiako iparraldeko hiria, izen bereko herrialdeko (3.499 km2 eta 399.442 biztanle) hiriburua, Emilia-Romagnan, Parma ibaiaren ertzean. 178.310 biztanle (1983). Merkataritza eta industria (janari industria, mekanika eta kimika industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Bertan egiten da parmesano gazta. Apezpiku egoitza. Unibertsitatea. Aipagarriak dira , besteak beste XII. mendeko katedrala, San Giovanni Evangelista eliza (XVI-XVII mendeak, Correggioren eta Parmigianinoren freskoak), Santa Maria della Steccata eliza (XVI. mendea) eta Pilotta jauregia (XVI-XVII. mendeak). Antzinateko Tresneriaren Museo Nazionala, Galeria Nazionala eta Farnese Antzokia daude jauregi honetan.  v Historia. Etruriarrek sortu zuten baina II. mendean erromatarrek beren mendeko kolonia egin zuten. 1035tik aurrera apezpikuek indar handia hartu zuten eta Erdi Aroan istilu asko izan ziren burgesiaren eta elizaren artean. 1545-1860 bitartean farnesetarren, borboitarren eta Austriako etxearen mendean izan zen dukerri bateko hiriburua izan zen. 1860an Parma eta Piacenzako dukerriak Piemontekoan bildu ziren.