Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oyanguren, Melchor de Santa Inés

Gipuzkoar misiolari frantziskotarra eta filologoa (Leintz-Gatzaga, 1688 - Mexiko, 1747). Valladoliden egin zen frantziskotar eta Filipinetarantz abiatu zen, misiolari, 1715. urtean. Bi urte geroago iritsi zen Manilara eta Kotxintxinako misioetara bidali zuten. Gaixorik, Mexikora bidali zuten osa zedin eta 1724an Manilara itzuli zen. Misio lanetan jardun zuen, begietako eritasun batek jota, 1732. urtean Mexikora itzuli behar izan zuen arte. Sendatu ondoren San Agustin de las Cuevasko komentuan geratu eta han hil zen. Hizkuntzalaritzaren inguruan egin zuen lanengatik egin zen ezagun ordea. Latina, grekoa, hebreera, tagaloa, txinera, japoniera, aramita eta malaiera hizkuntzen berri bazuen. Japonera eta tagalera, Filipenetako mintzaira ikasteko bi gramatika idatzi eta publikatu zituen: Arte de la lengua Japona dividida en cuatro libros según el arte de Nebrija (1738) eta Tagalismo elucidado (1742). Bestalde, euskarari buruz ere gramatika bat idatzi zuela iduri du, baita hiztegi hirukoitz bat ere: Arte de la lengua vascongada, Cantabrismo elucidado eta Diccionario trilingüe Tagalo-Castellano-Cántabro. Euskarari buruzko azken lan horiek ez ziren argitara eman, eta gaur egun galdutzat jotzen dira.