Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Orwell, George

(Jaiotza izenez, Eric Arthur Blair). Ingeles idazlea, Indian jaioa (Motihari, Bengala, 1903 - Londres, 1950). 1922-1927 urteetan indiar polizia inperialaren zerbitzari egon zen Burman eta egonaldi hartatik sortu zen Burmese Days (1934, Burmako egunak) eleberria. Ondoren Ingalaterrara itzuli zen eta Paris eta Londres-ko auzune behartsuenetan lanean aritu zen bertako bizimodua ezagutzeko. Bizimodu hura Down and Out in Paris and London (1933) eleberrian islatu zuen. Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuen errepublikarren alderdian, eta Homage to Catalonia (1938, Omenaldia Kataluniari) lanean, Espainiako alderdi komunistaren eta Sobietar Batasunaren aurkako jarrera agertu zuen, ezkerreko anarkismoa suntsitu zutela eta falangisten etorrera bultzatu zutela salatuz. Estalinismoak zituen bideen eta mota guztietako totalitarismoen aurkakoa zen, eta Animal Farm (1945, Abereen etxaldea) eleberrian komunismoaren satira zorrotza egin zuen. Idatzi zuen azken eleberrian, Nineteen Eighty-Four (1949, Mila bederatziehun eta laurogeita lau) etorkizuneko gizartearen kontakizun beldurgarria egin zuen. Literatura kritika eta soziologia saiakerak ere idatzi zituen.