Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ormaiztegi

Gipuzkoako erdi-hegoaldeko udalerria (Goierri). Mugak: iparraldean, Ezkio-Itsaso; ekialdean, Beasain eta Idiazabal; mendebalean, Gabiria eta Mutiloa; hegoaldean, Mutiloa eta Idiazabal. Garaiera, 195 m. 6,9 km2. 2008ko datuen arabera, 1.308 biztanle (ormaiztegiarrak). Hizkuntza banaketa, 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Eztanda ibaiak zeharkatzen du Ormaiztegiko udalerria. Euskara, gipuzkera; euskaldunak % 85. Industria (metalurgia, makineria, industria kimikoa, eraikuntza) da ekonomia jarduera nagusia. Industria herria bada ere, langile asko Beasaina joaten da lanera. Aipagarriak dira Eiffel-ek XIX. mendean proiektaturiko zubi-bidea, XV. mendeko San Andres parrokia eliza (atari eta bataio-harri erromanikoak) eta bertan jaio zen Tomas Zumalakarregiren museoa.  v Historia. Auzo bat baino ez zen Ormaiztegi, gaizkile eta lapurrei aurre egiteko 1384. urtean Segurako herriarekin bat egin zuenean. 1615 arte iraun zuen bi herriguneen arteko batasunak; urte horretan jaso zuen hiri-gutuna Filipe III.a Gaztelako erregearen eskutik. 1617. urtean Astigarreta, Gudugarreta, Zerain eta Mutiloako herriguneekin bat egin zuen, San Esteban herri-elkartea osatzeko eta Batzar Nagusietara prokuradore bakarra bidaltzearren. Zegamako herri-elkarte bihurtu zen 1637. urtean, Zegamako herriak aurrekoekin bat egin zuenean.