Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ormazabal, Joxantonio

Gipuzkoar idazlea (Zegama, 1948). Urte batzuk irakasle lanetan eman ondoren, 80. hamarkadaren hasieraz geroztik argitaletxe batean dihardu haur literaturaren inguruko lanetan. Horretaz gain liburu ugari idatzi ditu, testugintza eta haur eta gaztetxoei zuzendutako sormen lanak uztartuz. 1981ean argitaratu zen lehen aldiz bere lanik ezagunenetakoa, Pernando Amezketarrari buruzko liburua. Bide horretatik, Lazkao Txikiri eskainia ere kaleratu zuen 1998an. Ormazabalek, bestalde, asko landu ditu hizkuntzan eta hitzetan oinarritutako jostailu ere izan daitezkeen liburuak, eta ahalegin berezia egin du esaera eta kontakizun zaharrak berreskuratzen eta plazaratzen. Atal horretan koka daitezke, esaterako, Igarkizunak (1990), Hitzak jostailu (1994) eta Txoko txiki txukuna (1999) liburuak. Bereak dira, halaber, Patxibusa (1986), Margolin (1987), Kittano (1988), Maripertxenta (1988), Saturna (1992), Kotti (1995), Miru eta Mara (1996), Zipriztin (1996), Haizemari (1999), Azenario erraldoia (1999) edota Maripertxenta (2000). Elkarlanean ere liburu ugari kaleratu du.