Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Okendo, Antonio

Gipuzkoar itsasgizona (Donostia, 1577 - Coruña, 1640). Erregeren itsas ontzidian sartu zen 10 urte besterik ez zuenean. Bizkaiko ontziaren buruzagi izan zen, Indietara zihoazen ontziak babesten zituen, eta kortsarien ontziei erasotzen zien Kantauriko ontzidiaren buru zela. 1613. urtean almirante nagusi izendatu zuten. Itsas gudu askotan hartu zuen parte, Espainiarekin gerran zegoen ontzidi holandarraren aurka batez ere. Brasilgo uretan ontzidi holandarraren aurkako garaipen ospetsu bat lortu ondoren, Gerrako Kontseilaritzako kide izendatu zuen Espainiako errege Filipe IV.ak. 1639. urtean 114 ontzik osaturiko ontzidi holandarrarekin topo egin zuen Mantxako kanalean eta Antonioren ontzia inguratu eta eraso bazuten ere, ihes egitea lortu zuen azkenik. Hala eta guztiz ere, erabat gaixorik heldu zen Galiziako itsasertzera eta handik gutxira hil zen Coruñan. Donostiako hiriak estatua bat eraiki zuen Antonioren omenez 1894. urtean, Marcial Aguirre eskultoreak egina.