Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Opus Dei

José María Escrivá de Balaguer y Albás apaizak sortutako erlijio erakundea, eliza katolikoaren barruan dagoena. Santutasuna lortzea eta eguneroko bizitzan, eta batez ere lanbideetan, apostolutza egitea dira erakundeko kideen helburu nagusiak.  v  Erlijio higikundea 1928ko maiatzean, Madrilen, eratu zen. 1943an Aita Santuaren baimena lortu zuen, eta 1944an taldeko hiru kide apaiz egin ziren. 1947an Provida mater ecclesia, erakundearen oinarrizko lege araudia, onartua izan zen, eta 1950. urtean Espainiatik kanpo hedatzen hasi zen erakundea, lehendabizi Portugalen eta gero Europako eta Ameriketako beste herrialde batzuetan. Escrivá de Balaguer Erroman bizi izan zen 1946tik aurrera eta han hil zen 1975ean; Joan Paulo II.a Aita Santuak doatsu egin zuen 1992an. Opus Dei-ren sortzailea hil ondoren, Alvaro del Portillo y Díez Sollano izan zen lehendakari orokorra, eta 1982an Vatikanoak apaiz nagusi izendatu zuen. Ordu arte Opus Dei Institutu Sekularra izan zen, baina handik aurrera lurralde mugaturik gabeko eliz-barruti bilakatu zen, eta agintari nagusiari, apezpiku izan gabe ere, apezpikuaren eginkizun berberak eman zizkion Vatikanoak. 1978 inguruan taldearekin hitzarmena egina zuten apaizak 1.000 baino gehiago ziren, eta kide laikoak 75.000 baino gehiago. Opus-ko kideek, erlijio elkarteaz gainera, kultura elkarteak ere sortu dituzte: eskolak, unibertsitateak, erietxeak… 1952an sortu zen Estudio general de Navarra, 1960an unibertsitate gisa onartua.  v  Francoren garaian Opus Deik garrantzi handia izan zuen Espainiako politikan. Izan ere, Elizak berak lotura handiak izan zituen orduko gobernuarekin. Parte hartze hori 1957an are gehiago indartu zen, urte horretan Opus-ko bi kide izendatu baitzituzten ministro (Alberto Ullastres eta Mariano Navarro). Handik aurrera asko izan ziren gobernuan parte hartu zuten Opusko kideak edo higikundearen ingurukoak. 1969-1973 urteetan adibidez, hemeretzi ministrotatik hamaika Opus Deikoak edo ingurukoak ziren.