Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

O'Neill, Gerard

Estatubatuar fisikaria (New York, 1927 - Redwood, Kalifornia, 1992). Ithacako eta Princetoneko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Azkeneko horretan eskolak eman zituen gero, erretiroa hartu zuen arte, 1985ean. 1960ko hamarraldiaren bukaeran, espazioan bizileku burujabeak ezartzeko proiektua prestatu zuen. Leku horiek Ilargiaren eta Lurraren artean izango ziren, distantzia berera batetik zein bestetik, eta Eguzkiaren indarra baliatuko zuten energia gisa. The High Frontier (1976, Goiko muga) liburuan zioen ezinbestekoa izango zela gizaki batzuk Lurretik kanpo bizi behar izatea. Bestalde, goi mailako zenbait eskola liburu idatzi zituen: Elementary Particle Physics: An Introduction (1979, Fisikako oinarrizko elementuak: Sarrera; David Chengekin batera); 2081: A Hopeful View of the Human Future (1981, 2081: Gizakiaren etorkizunaren ikuspegi itxaropentsua); The Technology Edge: Opportunities for America in World Competition (1983, Teknologiaren abantaila: Estatu Batuen aukerak Munduko Lehian). Teknologiaren aurrerabidea bultzatzeko zenbait erakunde pribatu sortu zituen, irabaziak ateratzeko asmorik gabeak, hala nola Space Studies Institute eta Geostar Corporation. Hil baino pixka bat lehenago, lastertasun handiko garraio sistema berri bat saiatzen ari zen: hegaldi sistema magnetikoa. Hutsunea egindako hodi bat zen, lur gainean edo lur azpian jartzekoa, eta ibilgailua hodi horren barruan eremu magnetikoan igerian bezala ibiliko zen. Boston eta Los Angeles bitarteko distantzia ordubeten egiteko gauza izango zen.