Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oehlenschläger, Adam Gottlob

Daniar olerkari erromantikoa (Vesterbro, 1779 - Kopenhage, 1850). Danimarkako erromantizismoko idazle nagusia izan zen eta Danimarkako olerkari handientzat hartua da. Steffens-en adiskide izan zen; harekin Alemaniara joan, eta bertan Goethe eta Tieck ezagutu zituen. Ondoren Erromara joan eta han Thoerwaldsen ezagutu zuen; Frantzian Madame de Staël-en etxean bizi izan zen. Steffens-en eragina nabarmena da Oehlenschläger-engan; haren ideiek eman zioten XVIII. mendeko literatura tradizioa alde batera utzi eta bide berriak zabaltzeko kemena. Bere lanetan Europako iparraldeko epika eta tradizioak izan zituen oinarri. 1829an Iparraldeko olerkarien errege izendatu zuten Lund-eko katedralean. Haren lan aipagarrienak: Guldhornene (Urrezko adarrak), Helge eta Nordens guder (Iparraldeko jainkoak), Aladdins lampe (Aladinoren lanpara), Hakon Jarl, Baldur hin Gode (Baldur jainkoa), Axel og Valborg (Axel eta Valborg), Hrolf Krake eta Correggio.