Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

obertura

iz. Mus. Opera, oratorio edo musika lan dramatiko baten sarrera gisa idatzitako musika lana. || Kontzertu lan mota.  v  Historia. Lehen operak sarrera gisako kantu batez edo musika tresnetarako lantxo batez hasten ziren; Claudio Monteverdiren Orfeo opera (1607), adibidez. Geroago, Jean-Baptiste Lullyk oberturaren egitura finkatu zuen. Hiru alditan banatu zuen: hasierakoa, geldoa, ondoren fuga antzeko edo imitaziozko aldia, eta bukatzeko, hasierako aldi geldoaren errepikatzea edo minuetoaren antzeko dantza. Italian, berriz, Alessandro Scarlattik finkatu zuen oberturaren egitura. Hiru mugimendutan itxuratu zuen: allegro-adagio-allegro. XVIII. mendearen erdialdean Christoph Gluckek itxura berria eman zion oberturari, gaiaren aldetik lotuz ondoren zetorrenarekin. Mozart-ek eta R. Wagner-ek antzeko teknika erabili zuten operetan. XIX. mendearen amaieran, egitura aldetik askea zen preludio batek hartu zuen askotan oberturaren lekua.