Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Obanos

Nafarroako erdialdeko udalerria (Iruñeko merdindadea, Izarbeibar eskualdea). Mugak: iparraldean, Legarda eta Uterga; ekialdean, Eneritz, Añorbe eta Muruzabal; mendebalean, Gares; hegoaldean, Mendigorria eta Artaxoa. Garaiera, 412 m. 19,64 km2. 1998ko datuen arabera, 785 biztanle (obanostarrak). Robo ibaiak sortaldetik sartalderantz igarotzen du udalerria. Udalerriaren hegoaldetik Nekea eta Salado ibaiak igarotzen dira, ekialdetik mendebalerantz hauek ere. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Euskara XIX. mendean galdu zen. Industria (janari industria, ehungintza, ardogintza, zurgintza, eraikuntza; langileen % 57) eta nekazaritza (mahatsa, olibondoak, garia, garagarra, zerri eta ardi azienda; langileen % 21) dira ekonomia jarduera nagusiak. Ospe handikoak dira Obanosko ardoak. Arteari dagokionez, aipagarriak dira Arrastia etxea, XX. mendean zaharberritutako San Joan Bataiatzailearen parrokia neogotikoa, San Gilermo, Salbatore eta San Lorenzo ermitak eta Infanta Isabel etxe gotortuaren hondakinak.  v Historia. 1104. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Obanosko herria. 1845. urtean bihurtu zen udalerri.  v Obanosko Kapareen Batzordea. XII. mendearen bukaeran, Nafarroan aitonen semeen gehiegikeriei aurre egiteko osatu zen batzorde edo anaidia, herri eta hirietako kapare eta laborari libreek osatua. Kapareen ordezkariek buruzagi izena hartzen zuten. Iruñerrian sortu zen batzarra eta, Nafarroako beste eremu batzuetara zabaldu ondoan, Obanosko hirian hasi zen biltzen 1234an, politika zentzu handiagoa hartu zuenean. Hego Euskal Herriko beste lurraldeetako eta Gaztelako beste leku batzuetako anaidiaren arabera, gaizkileei aurre egitea izan zuen helburu batzar honek, baina politika mailako zeregina nabarmendu zen 1235ean Frantzia aldeko dinastia bat Nafarroako koroaz jabetu zenetik aurrera. Xanpainako etxeko hiru erregeek ezdeusean utzi nahi izan zuten batzordea; aitzitik, guztiz gorpuztu zen batzordea 1235-1270 urteetan, Elizako goi hierarkiak ere gogor kontra jo zuen arren. Nafarreriako gerraren garaian (1276) ahuldu zen batzordea baina zeresan handia izan zuen 1297tik aurrerako urteetan. 1328an desagertu zen Obanosko Kapareen Batzordea, Nafarroako Gorteak eta hango hiru estatuen partaidetza guztiz arautu ondoan (Garesko Gutuna, 1328).