Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Obama Hussein, Barack

Estatubatuar politikaria (Honolulu, Hawaii, 1961). Ameriketako Estatu Batuetako 44. lehendakari hautatu zuten 2008ko azaroan. Estatu Batuetako lehendakaritza eskuratzen duen lehen afroamerikarra da. Hawaiin eta Indonesian igaro zuen haurtzaroa. Lege ikasketak egin zituen Harvardeko Unibertsitatean (Massachussets). 1992-2004 bitartean, zuzenbide konstituzionaleko irakasle izan zen Chicagoko Unibertsitatean. Horretaz gain, legelari lanetan aritu zen eskubide zibilen aldeko mugimenduetan, eta auzolanean jardun zuen Illinoisko ingurune pobreetan. Han hasi zuen bere karrera politikoa, eta estatuko senatari izan zen zortzi urtez. 2004an Estatu Batuetako Senatuko kide hautatu zuten. Estatu Batuetako Senatuko bosgarren legelari afroamerikarra izan zen, Alderdi Demokratikoak izan zuen lehena. Urte horretan bertan, izen handia eman zion hitzaldi gogoangarria egin zuen Bostonen, Alderdi Demokrataren nazio biltzarrean, Estatu Batuetan arrazagatiko bereizkeriak irekitako zauriak ixtera deituz, besteak beste. 2007ko otsailean, bere burua alderdi demokratikoaren hautagaitzarako aurkeztu zuenean, goi-mailako politikagintzan behar besteko eskarmenturik ez izatea eta gobernutik gertuko karguetan urteak zeramatzaten alderdikideen aurka lehiatzea aurpegiratu zioten bere aurkariek. Hala eta guztiz ere, 2008ko ekainaren hiruan, AEBko Lehendakaritzarako Alderdi Demokrataren hautagaia aukeratzeko lehen mailako hauteskundeetan faborito izandako Hillary Clinton andreak baino boto gehiago jaso zituen. Lehendakaritzarako hauteskunde kanpainan adierazi zuen lehendakari izanez gero bere helburu nagusiak Irakeko gerrari amaiera ematea, independentzia energetiko handiagoa izatea eta osasun zerbitzu unibertsala lortzea izango zirela, besteak beste. 2008ko azaroaren 4ko hauteskundeetan aise gainditu zuen Alderdi Errepublikarreko hautagaia, John McCain, eta 2009ko urtarrilaren 20an egin zuen karguaren zina. Bi liburu autobiografiko ditu: Dreams from my father (1995, Nire aitaren ametsak), eta The Audacity of Hope (2006, Itxaropenaren ausardia). Michelle Robinson Obama legelariarekin ezkonduta dago eta bi alaba dituzte.