Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

O’Neill, Eugene Gladstone

Estatu Batuetako antzerkigilea (New York, 1888 - Boston, 1953). Gurasoak aktoreak izan zituen. Ikasketak bukatu ondoren batetik bestera ibili zen itsasgizon, kazetari, aktore eta urre bilatzaile gisa. Erietxe batean egon zen aldi batez eta han hasi zen idazten. Hasieran idatzi zituen antzerki lanak joera naturalistakoak ziren, eta Provinceton Players antzerki talde berritzaileak eraman zituen jendaurrera. Gerora sinbolismo handiko lanak idatzi zituen; azken garaian idatzi zituen lanek berriz biografia kutsua dute. Garai hartako antzerkian nagusi zen errealismoa gaitzetsi zuen, materialismoa eta bidegabekeria salatu zituen eta gogor kritikatu zuen mundu modernoa. Ibsen-en eta Strindberg-en eragina izan zuen; espresionisten baliabideak erabili zituen maiz (mozorroak, barne bakarrizketak) eta mito klasikoak egokitu zituen psikoanalisian oinarriturik. Hiru aldiz irabazi zuen Pulitzer saria eta 1936an Nobel saria eman zioten. Antzerki lan nagusiak: Emperor Jones (1921, Jones enperadorea), The Hairy Ape (1922, Tximu iletsua), Desire Under the Elms (1924, Desira zumarren azpian), The Fountain (1925, Iturria), The Great God Brown (1926, Brown jainko handia), Strange Interlude (1928, Interludio bitxia), Mourning Becomes Electra (1931, Elektrari ondo doakio doluzko arropa), Days Without End (1934, Amaierarik gabeko egunak), A Long Day’s Journey Into Night (1940, Egun luze bateko bidaldia gaurantz).