Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

O’Casey, Sean

Irlandar antzerkigilea (Dublin, 1880 - Torquay, 1964). Irlandako auzo pobre batean jaio zen, eta oso gazterik hasi zen lanean. Hiru urtez baino ez zen joan eskolara; hala ere, oso gazterik hasi zen idazten. Hasieran bere lanek ez zuten arrakasta handirik lortu, baina gauzak aldatu egin ziren Dublingo Abbey Theatre antzokian bere antzerki lanak antzezten hasi zirenean. Irlandaren burujabetasunaren aldeko higikundearekin eta borroka iraultzaile eta sindikalarekin lotura handia izan zuen. Idatzi zituen lehen lanak Dublingo langileen munduan girotuak dira. Ondoren antzerki lan esperimentalak idatzi zituen, Alemaniako espresionisten eta Brecht-en eraginekoak. Antzerki lanez gainera, olerkiak ere idatzi zituen. Haren lan nagusiak: The Shadow of a Gunman(1923), Juno and the Paycock (1924), The Plough and the Stars (1926), The Silver Tassie (1928), The Star Turns Red (1940), Cock-a-Doodle Dandy (1949), Drums Under The Windows (1945), I Knock at the Door (1939), Windfalls (1934).