Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Novák, Vítezslaw

Txekiar musikagilea (Kamentiz, Bohemia 1870 - Skutec, Txekoslovakia, 1949). Txekiar musika abertzalearen egile nagusietako bat eta XX. mendeko txekiar musikagile askoren irakaslea. Dvorákekin ikasi zuen Pragako kontserbatorioan, eta 1909. urtean han hasi zen irakasten. Lehen lanetan alemaniar musika erromantikoaren eragina nabari zaio. Moldaviara eginiko bidaia batek barru-barruan hunkitu zuen eta ondoren, Txekoslovakiako sena islatzen zuen musika idazten hasi zen, herri musika abiapuntutzat hartuta eta Janácek-en eraginpean. Debussyren eta Richard Straussen eragina ere izan zuen. Lau opera, bi ballet eta orkestrarako V Tatrách (1902), Eslovakiako suitea (1903), eta De profundis (1941), idatzi zituen; korurako berriz Udazkeneko sinfonia (1931-4) eta Maiatzeko sinfonia (1943).