Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nouvel, Jean

Frantses arkitektoa (Fumel, 1945). Bordeleko Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen, eta handik Parisera aldatu zen. 1970ean François Seignerrekin hasi zen lanean. 1985ean Jean Nouvel et Associés sinadura sortu zuen Emmanuel Blamont, Jean-Marc Ibos eta Myrto Vitartekin batera. Mundu mailan ezaguna egin zen Parisen eraiki zuen Mundu Arabiarraren Institutuarekin (1981-1987). Beste lan aipagarri batzuk dira: Parisko Jussieu Unibertsitate Campusa (1982), Lyongo Operaren berrikuntza (1986), Nîmesko Nemausus apartamentuak (1985-1987), Tourseko Biltzar Aretoa (1989-1993) eta Parisko Cartier Fundazioa (1991-1994), besteak beste.