Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nixon, Richard Milhous

Estatu Batuetako politikaria eta lehendakari ohia (Yorba Linda, Kalifornia, 1913 - New York, 1994). 1945ean alderdi errepublikarreko kide egin zen eta 1951n senadore hautatu zuten. Gogor jardun zuen komunistatzat salatzen zituen funtzionarioen aurka. 1952tik 1960 arte lehendakariorde izan zen, eta lehendakari gisa jardun zuen Eisenhower lehendakaria gaixorik egon zen bitartean ere. 1960an alderdi errepublikarraren hautagaia izan zen lehendakaritzarako hauteskundeetan, baina John F. Kennedy gailendu zitzaion. 1968an lehendakari hautatu zuten. Barne politikan, gogor zapaldu zituen Vietnamgo gerrak eragin zituen protesta eta iskanbila larriak, eta arrazakeriaren aurka borrokatzen ziren beltzen erakundeak. Kanpo politikan Vietnam-go gerra izan zuen arazo nagusia; konponbide gisa Estatu Batuetako gudarostea pixkanaka handik ateratzen saiatu zen, baina aitzitik “vietnamizazio” politika horrek Indotxina osora hedatu zuen gerra; 1972an bonbardaketa latzak agindu zituen Hanoin eta Haiphongen, baina Estatu Batuek gerra galdua zutela ikusirik azkenean bake hitzarmen bat negoziatu behar izan zuten vietnamdarrekin. Nixon izan zen Txinako errepublikarekin hitzarmenak egin zituen Estatu Batuetako lehen lehendakaria. Bestalde, estrategia arma kopurua mugatzeko hitzarmenak egin zituen Sobietar Batasunarekin. Txileko estatu kolpean esku hartzea agindu zuen; israeldarrei lagundu zien arabiarren kontrako gerran. Henry Kissinger estatu idazkariak eragin handia izan zuen Nixonen kanpo politikan. 1972an lehendakari izendatu zuten berriro, baina handik bi urtera kargua utzi behar izan zuen Watergate auziagatik.