Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nitriko, azido

Kim. Azido indartsua, kaustikoa eta energia handiko oxidatzailea (HNO3). Egoera garbian isurkari koloregabea da. Uretan urtzen da, eta zenbait kontzentraziotan saltzen da merkatuan. 78 °C-tan irakiten du. Argitan jartzean isurkariari kolore horixka ematen dion nitrogeno dioxidoa askatzen du; hortik datorkio batzuetan izaten duen kolorea. Lehenago, azido sulfurikoa eta sodio nitratoa erreakzionaraziz lortzen zen: 2 NaNO3 + H2SO4 ® Na2SO4 + 2 HNO3. Gaur egun amoniakoaren oxidazio katalitikoaren bidez lortzen da, platinozko katalizatzaileak erabiliz. Ia metal denak erasotzen ditu. Argitan lurrun arriskutsuak askatzen ditu, gai organikoak ukitzen baditu su hartzeko arriskua dago eta gizonaren gorputzeko azala eta muki mintzak erretzen ditu. Ongarriak, plastikoak, koloregaiak, lehergaiak, sintesi gai organikoak eta beste zenbait gai ekoizteko erabiltzen da; metalurgian, mineralen flotazioan, eta erregai nuklearrak berriro prozesatzeko ere erabiltzen da.