Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nin, Andreu

Kataluniako politikaria (El Vendrell, 1892 - Madril, 1937). Maisua eta kazetaria izan zen. 1919an CNTko kide zen, eta erakunde anarkista horren barruan komunisten joerakoa. 1922tik 1929ra Moskun bizi izan zen; baina trotskista izatea egotzi ziotela eta, 1929an Sobietar Batasunetik alde egin behar izan zuen eta Kataluniara itzuli zen. Bloc Obrer i Camperol erakundea sustatu zuen. 1931n Esquerra Comunista taldea sortu zuen. 1935ean bi erakunde horiek elkartu eta Partit obrer d’unificació marxista (POUM) sortu zenean, batzorde nagusiko kidea izan zen Nin. 1936ko otsailean “Frente Popular”eko diputatu hautatu zuten; Espainiako Gerra Zibila hasi zenean POUMeko zuzendari izendatu zuten; 1936ko irailetik abendura Generalitateko Justizia kontseilari izan zen. 1937ko udaberrian Bartzelonan komunisten eta anarkisten artean izandako istiluetan sobietar polizia politikoak atxilotu, Madrila eraman eta hil egin zuen. Idazlanak: Les dictadures del nostre temps (1930, Gure garaiko diktadurak), El proletariado español ante la revolución (1931, Espainiako langileak iraultzaren aurrean), Els moviments d’emancipació nacional (1932, Nazioaren burujabetzarako higikundeak); errusiar eleberri batzuk itzuli zituen katalana.