Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

New York City (NYC)

Estatu Batuetako ipar-ekialdeko hiria, izen bereko estatuaren hegoaldean, Atlantikoaren ertzean. Estatu Batuetako hiri handiena da: 7.300.000 biztanle (1990), 9.000.000 biztanle hiri inguruan (1980) eta 16.000.000 New York, New Jersey eta Connecticut estatuetako zenbait hiri ingururekin batera moldaturiko multzoan. Hudson ibaiaren bokalean dago, Upper New York Bay izeneko badian. Guztira 776 km2-ko eremua hartzen duten bost barrutik osatua da: Manhattan, izen bereko uhartean, Hudson, East River eta Harlem ibaiaren artean; Bronx barrutia, kontinentean; Brooklyn eta Queens auzoak, Long Island uhartean, eta Richmond auzoa Staten Island uhartean. Gainera, beste uharte txiki anitz hartzen ditu; horien artean Ellis Island, Governors Island, Liberty Island (Askatasunaren estatua dagoena) eta beste asko. New York ez da hirigune bakana eta beste hainbat hirirekin elkarturik dago: New York estatuko Mount Vernon, Yonkers eta New Rochelle iparraldean; New Jersey estatuko Jersey City, Bayonne, Newark, Elizabeth, etab. mendebalean, Hudson-en eskuin ertzean. Garraio azpiegitura guztiz garaturik dago; errepideak, metroa, burdinbideak, ferry-boat lineak. Zubi zein tunel anitzek barrutien arteko lotura ahalbideratzen dute: Brooklyn, Manhattan, Williamsburg, Queensboro zubiak Manhattan eta Long Island-en artean; George Washington zubia, Hudson-eko bi ertzen artean; Verrazano-Narrows zubia, Staten Island eta Brooklyn-en artean, etab.  v  Ekonomia. New York munduko finantzagunerik garrantzitsuena da eta Estatu Batuetako lehen merkataritza hiria; munduko finantza eta merkataritza enpresa handienek han dituzte bulego nagusiak (Manhattan-en bereziki). Portua munduko garrantzitsuenetariko bat da. Estatu Batuetako lehen industria hirigunea da (35.000tik gora industria, milioi bat pertsona inguru enplegatu): elikadura industriak, elektrizitatea, kimika, mekanika, arropagintza, etab. Komunikabide alorreko lehen enpresak biltzen ditu: telebista eta irratiak, argitaletxe eta inprimategiak, publizitate bulegoak. Turismoa ere garrantzi handikoa da.  v  Manhattan uhartea, lehen europarrak hartu zituen barrutia, munduan zehar hedatuena den hiriaren gune nagusia da. Izan ere, hiriko kultura, ekonomia, administrazio eta turismo eremurik garrantzitsuena da. Wall Street eta inguruak Estatu Batuetako finantzagunea dira (bankuak, New York-eko burtsa, enpresa egoitzak). Munduko bulego eraikuntzarik garaienetakoak eta ezagunenak bertan aurkitzen dira: Empire State Building, Chrysler Building, Rockefeller Center, World Trade Center, etab. Bestalde, New York-eko ezaugarri nabarmenetariko bat etnia desberdinen biltokia izatea da eta Manhattan horren adibide garbia da, etorkinak auzo berezietan kokatzen baitziren hara lehorreratu ahala: afroamerikarrak eta puertorricotarrak ipar-ekialdean (Harlem); italiar-amerikarrak (Little Italy) eta txinatarrak (China Town) hegoaldean, etab. Halaber, Manhattan-en luxuzko auzoak (Central Park-eko mendebala) eta auzo guztiz pobreak (Bowery, hego-ekialdean) aurki daitezke, bohemio eta artisten auzoekin batera (East Village, Soho). Hiriko barruti guztietan kokaturiko parkeek 14.500 ha hartzen dituzte. Haietarik ezagunena Manhattan-eko Central Park da (4 km luze). New York-eko Liburutegi Publikoa munduko hornituenetariko bat da eta ordezkaritza anitz ditu hiri osoan barreiaturik. Garrantzi handiko museoak dira New York-en, haietariko asko Manhattan-en: Metropolitan Museum of Art, Solomon R. Guggenheim, Museum of Modern Art, etab. Antzerkia, zinema eta ikuskariek ere garrantzi handia dute (Broadway kalea) eta zenbait antzoki guztiz ezagunak dira (Carnegie Hall, Metropolitan Opera House, etab.). Berebat, New York Philarmonic Orchestra delakoa sonatua da munduko musikazaleen artean.  v  9 burdinbidek lotzen dituzte New York eta Estatu Batuetako gainerako lurraldeak. Lau aireportu: John F. Kennedy, La Guardia, Newark eta Peterborough. Lau unibertsitate: Columbia University (1754), New York University (1831), Fordham Catholic University (1846) eta University of The City of New York (1847).  v  Historia. 1613an Europatik joandako jendearentzako lehen bizilekua ezarri zuten neerlandarrek Manhattan uhartean. 1626an Indietako Holandako Konpainiak uharte osoa erosi zien algonkindar indiarrei eta han ezarri zuten Holanda Berria koloniako hiriburua: New Amsterdam edo Amsterdam Berria. Gero beste zenbait lurraldez jabetuz joan ziren (Queens, 1635; Flushing, 1643). 1664an, Holandaren eta Ingalaterraren arteko gerren ondorioz, ingelesek beretu zuten, eta gaur egun duen izena ezarri zioten. XVIII. mendean esklaboen trafikoak eta, oro har, merkataritzak aberasturik, independentziaren aldeko borrokari eusten lehenetarikoa izan zen. Alabaina, 1776an Washington-en gudarosteak Long Island-eko gudua galdu ondoren ingelesak hiriaz jabetu ziren. Independentzia lorturik, denbora labur batez (1789-1790) nazioko hiriburua izan zen. 1800ean 60.000 biztanle zituen. Aintzira Handiekin lotzen zuen Erie Ubidea egiteak (1823) hiriaren hazkunde nabarmena ekarri zuen. Europako emigrazioa kopuru handietan etortzen hasi zen eta 1850 inguran 550.000 biztanle zituen; Estatu Batuetako hiri eta porturik handiena zen jadanik. 1890ean 1.500.000 biztanle zituen eta 1898an, inguruko hiriguneak beretu eta, 3.400.000 biztanle izatera iritsi zen. Leku gutxi eta zorua haitzezkoa zelako, New York-i bere ikuspegi berezia ematen dioten etxeorratzak eraikitzen hasi ziren (1902an lehena). Mende hasieratik beltz amerikarren emigrazio hiri nagusia da. Horrekin batera, beste gutxiengo batzuk izateak (puertorricotarrak, italiarrak, asiarrak, etab.) arraza integrazioaren aitzindari bihurtu du Estatu Batuetan.