Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nekrasov, Nikolai Alexeievitx

Errusiar olerkaria eta kazetaria (Nemirov, Ukraina, 1821 - San Petersburgo, 1877). San Petersburgoko unibertsitatean ikasi zuen (1839-1841), aitak, armadako ofiziala baitzen, militar ikasketak egin zitzan nahi bazuen ere. Laguntza ekonomikorik gabe, estuasun handiz bizi izan zen. Hala ere, gazte gaztetatik hasi zen idazten: poesia, kritika, narrazioak eta vaudeville frantsesen moldapenak. 1846tik aurrera zenbait agerkari arrakastatsuren argitaratzaile eta zuzendaria izan zen: Petersburgoko antologia (1846) eta Apirilaren lehena (1846) almanakak; Garaikidea (1847-1866) eta Aberriaren kronikak (1868-1878) aldizkariak. Belinski, Herzen, Turgeniev eta Dostoievski-ren mailako idazleekin batera berak ere esku hartu ohi zuen agerkari haietan. Poesia liburuak ondu zituen; ezagunenak herri-kanten estiloan egin zituen. Nekrasov nekazari herriaren kantaria da: jopuen askatasuna eta justizia soziala izan zen bere obraren ardatza eta ideia nagusia. Bizi zelarik oso ezaguna izan zen; haren hiletetan Dostoievski eta Plekhanov mintzatu ziren eta Errusiako herriak egundaino idazle bati egindako omenaldirik handiena eskaini zion. Hona Nekrasov-en poema ezagunenetariko batzuk: Satxa (1855), Sudur gorriko izotza (1863), Errusiako emakumeak (1873), Errusian nor bizi da zoriontsu? (1865-1876). Sinbolistek Nekrasov-en hizkuntzaren aberastasuna, irudiak eta estiloa izan zituzten oinarri.