Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nehru, Sri Jawaharlal

(Pandit Nehru deitua). Indiako politikaria (Allahabad, 1889 - New Delhi, 1964). Kasta nagusiko familia batean sortu zen. 1905ean Britainia Handira joan eta abokatu karrera egin zuen (1912). Indiara itzulirik, Ghandiren jarraitzaile eta laguntzaile izan zen eta haren ondoan Indiaren burujabetasunaren aldeko borrokan esku hartu zuen; arrazoi horregatik maiz atxilotu zuten britainiarrek. 1929an Kongresuko alderdiko lehendakari hautatu zuten. Inperioaren azken erregeorde Lord Mountbatten-ekin Indiaren burujabetasuna negoziatu zuen. Independentzia lorturik (1947), Lehen Ministro izendatu zuten eta hil arte kargu hori izan zuen (1962). Nehruren kanpo arazoetarako politikaren ezaugarriak neutraltasuna eta antikolonialismoa izan ziren; gerra hotzean esku hartu ez zuen lehen estatu gizona izan zen, eta Koreako eta Indotxinako gatazketan neutral azaldu zen. Bere garaiko Hirugarren Munduko buruzagi ospetsuenetarikoa izan zen, eta gatazka anitzetan bitartekari eginkizuna bete zuen. Ildo horretatik, Colomboko hitzarmenaren (1950) eta Bandung-eko batzarrean (1955) bultzatzaile nagusia izan zen. Barne Arazoetan, berriz, sozialismo demokratikoaren aldeko agertu zen; ekoizpena emendatzeko eta jaiotza tasa urritzeko politikak oposizio erlijiosoa eta analfabetismoa izan zituen oztopo nagusiak. Independentzia lortu zuenetik, eta Nehru gobernu buru zela gerra bi aldiz (1948,1957) piztu zen Pakistanen eta Indiaren artean, Kaxmir-en jabetza zela eta. 1959an, Dalai-Lama Indian hartu zuen Nehruk, eta aitzakia honez Txinaren aurkako muga gerra hasi zen; 1962an, Txinako tropak indiarrei nagusitu zitzaizkien. 1961ean portugaldarren mende zegoen Goa-z indarrez jabetzerakoan, Indiako lurretan geratzen zen azken kolonia desagerrarazi zuen. Bizitzaren azken aldian, Pakistanen eta Txinaren kontrako gatazkak zirela eta, Estatu Batuen laguntza militarra onartu behar izan zuenean haren ospea txikitu zen Hirugarren Munduan. Nehru hil eta hiru urte geroago haren alaba Indira Gandhi Lehen Ministro hautatu zuten.