Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nancy

Frantziako ipar-ekialdeko hiria, Meurthe-et-Moselle departamenduko hiriburua; 111.493 biztanle (1991). Meurthe ibaiaren ibarrean, Moselle eta biak elkartzen diren gunetik hurbil dago. Apezpiku egoitza, unibertsitatea, geologiako, kimikako, nekazaritzako, arte ederretako eta arkitekturako goi mailako eskolak. Gatz eta burdin meategiek garrantzi handia izan dute hango ekonomian, baina gaur egun industrian aritzen dira langilerik gehienak. Autoak, oihalak, kimika gaiak, oinetakoak eta elikagaiak egiten dira batez ere. Eskuz egiten diren lanetan aipagarriak dira hango musika tresnak eta, batez ere, kristalezko eta zeramikazko ontziak. Lorrena lurraldeko merkataritzagune handiena da.  v  Historia. XII. mendean Lorrenako dukeen eraginez sortu zen eta haien gazteluaren inguruan zabaldu zen. Mateo II.ak, Lorrenako dukeak, bere dukerriko hiriburu egin zuen. 1475ean Burgundiako duke Karlos Ausartak hartu zuen, baina hurrengo urtean, Lorrenako Rene II.enak gaztelutik eta hiritik bota zuen hura. Frantziarrek ere hiru alditan (1633-1659, 1670-1698 eta 1702-1712) eduki zuten beren mende. Stanislas Leszczynski-k berritu eta apaindu zuen XVIII. mendean. Mende horretakoak ditu katedrala, Notre-Dame-de-Bon-Secours eliza, Saint Sébastien eliza, Gobernuaren jauregia, hiriko liburutegia eta batez ere, Stanislas plaza ikusgarria. 1766an Frantziak bereganatu zuen eta bertan jarri zuen parlamentuaren eta gotzainaren egoitza. 1870-1871n alemaniarren mende egon zen.