Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Namibia

(Izen ofiziala, Namibiako Errepublika; Ing., Republic of Namibia). Afrikako hego-mendebaldeko estatua. Mugak: iparraldean Angola; ipar-ekialdean Zambia; ekialdean Botswana; hegoaldean eta hego-ekialdean Hegoafrika; mendebaldean Ozeano Atlantikoa. 825.418 km2 eta 2.030.692 biztanle (namibiarrak). Hiriburua: Windhoek. Hiri nagusiak: Swakopmund, Rundu, Rehoboth eta Keetmanshoop. Etniak: beltzak % 86 (ovanboak % 48,5; kavangoak % 9; hereroak % 7; damarak % 7; namak % 5; kapriviarrak % 4; boskimanoak % 3; basterrak % 2; tswanak % 0,5); zuriak % 6,6; mestizoak % 7,4). Hizkuntza ofizialak: afrikaansa, ingelesa, alemana. Beste hizkuntza batzuk: oshivanboa, hereroa, nama… Erlijioak: luteranoak % 55, gainerako kristauak % 30, bertako erlijioak % 15. Dirua, Namibiako dolarra.  v  Orografia eta hidrografia. Namibia ia osoa goi-ordoki zabal bat da, 975-2.000 m bitarteko garaiera duena, eta sartaldetik sortaldera apalduz doana; goi-ordokiaren erdialdea menditsua da eta 2.500 m inguruko mendiak daude hiriburutik hurbil. Goi-ordokiaren alboetan bi basamortu daude: mendebalean Namib basamortua, itsasaldea bere luzera osoan hartzen duena (1.600 km), eta Kalahariko basamortua ekialdean. Namibian ez da ibairik, iparraldean Angolarekin (Kunene eta Okavango ibaiak) eta hegoaldean Hegoafrikarekin (Orange ibaia) mugatzen dutenak eta euria egiten duenean eratzen direnak besterik.  v  Klima eta landaretza. Namibiako klima beroa eta guztiz idorra da. Oso euri gutxi egiten du, azarotik martxora bitartean bakarrik, iparraldean batez ere, eta beroak lurruntzen du gehiena. Lehorteek luzaro irauten dute askotan. Horrenbestez, oso landare gutxi izaten da, eta izaten dena lurraldearen idortasunari egokitua da. Hala ere, ipar-ekialdean sabana eta hegoaldeko muturrean baso tropikalak dira.  v  Biztanleak eta gizartea. Namibiako biztanleria, batik bat, iparraldean kontzentratzen da, euri gehien egiten duen aldean. Bantu familiako etniak dira jendetsuenak: ovanboak, kavangoak eta hereroak. Namak hotentoteak dira jatorriz, eta beste herri bat dute mendean, erdi esklabotasunean: damara herria. Damarak beren nagusien hizkuntzan mintzatzen dira, namaz, alegia. Boskimanoak dira Namibiako etnia antzinakoena, nahiz eta, gaur egun, oso gutxi diren. Botswanako boskimanoekin batera, boerrek sarraskitu zituzten Afrika hegoaldeko lehen biztanle haien azken ondorengoak dira. Khoisan familiako “klik” hizkuntzez mintzatzen dira (baita hotentoteak ere), eta egungo boskimanoen arbasoak ziren Namibiako labarretako pintura ospetsuen egileak. Arraza zurikoak 100.000 inguru ziren independentziaren aurretik, eta gehienak Namibian geratu ziren. Kolono alemaniarren, afrikanerren eta britainiar jatorriko hegoafrikarren ondorengoak dira. Adin egiturari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak biztanleen % 44 dira, 15-64 urte bitartekoak % 52, eta 65 urtez gorakoak % 4 besterik ez. Bizi itxaropena oso laburra dute, batez beste, namibiarrek: gizonezkoek 41 urtekoa eta emakumezkoek 40koa. Emankortasun indizea 4,9 haurrekoa da emakumeko. Biztanle dentsitatea oso eskasa da: 2 biztanle km2-ko.  v  Gobernua eta administrazioa. 1990eko martxoaren 21ean independentzia erdietsi ondoren, konstituzio berria onartu zuten eta, haren indarrez, bi ganberako parlamentua, sistema alderdi-anitza eta lehendekaria buru duen errepublika demokratikoa jarri zen indarrean. Hauteskundeak bost urtetik behin egiten dira, eta 18 urtez gorako pertsona guztiek dute botoa emateko eskubidea. Errepublikako lehendakaria estatuburua eta gobernuko burua da, aldi berean. Legegintza eskumena 72 diputatuz osatutako Batzar Nazionalean datza, goiko ganberak edo Kontseilu Nazionalak (26 kontseilariz osatua) ez baitu erabakitzeko eskumenik. Gobernuko ministroak lehendakariak aukeratzen ditu Batzar Nazionaleko diputatuen artetik. Administrazio aldetik, hamahiru eskualdetan banatuta dago Namibia: Caprivi, Erongo, Hardap, Karas, Khomas, Kunene, Ohangwena, Okavango, Omaheke, Omusati, Oshana, Oshikoto eta Otjozondjupa. Ondorengo hauek dira Namibiako alderdi politiko nagusiak: Afrikako Hego Mendebaldeko Herri Erakundea (SWAPO); Justiziarako Alderdi Demokratiko Nazionala (NDPFJ); Turnhalle Itun Demokratikoa (DTA); Fronte Batu Demokratikoa (UDF); Monitoreen Ekintza Taldea (MAG); Namibiako Koalizio Demokratikoa (DCN).  v  Ekonomia. Biztanleria aktiboaren ia erdia (% 49) lehen sektoreko jardueretan enplegatzen da: abere hazkuntzan (ahuntzak, abelgorriak eta karakul ardiak) eta iraupeneko nekazaritzan (artoa, artatxikia), lurraldearen idortasunak ez baitu ematen beste ezer askotarako aukerarik. Kolonoen garaian, karakul ardien hazkuntza zen inguru hartako nekazaritza jarduera nagusia, baina gaur egun ez du garrantzirik ia Namibiako ekonomian. Zurien etxaldeetan esportaziorako hazten den abelgorria, aldiz, negozio oparoa da. Lehen sektoreari, hala ere, BPGren % 11 besterik ez dagokio. Baina, baliabide naturalei dagokienez, herrialde aberatsa da Namibia, lurpeko baliabideetan batez ere: badira diamanteak, kobrea, uranioa, urrea, beruna, eztainua, litioa, kadmioa, zinka, gatza, banadioa, gas naturala, zilarra, tungstenoa… Horregatik, ez da harritzekoa Namibiako ekonomia esportazioko meatzaritzaren hain mendean egotea. BPGren % 34 dagokio meatzaritzari eta berorren inguruko industriari. Bitxigintzarako diamante produkzioak mea produkzio osoaren balioaren bi heren hartzen ditu: milioi eta erdi kilate inguru urtean, kostako hondartzetatik eta itsaspeko hondoetatik atereak. Garrantzi handikoak dira, orobat, uranio eta kobre ekoizpenak, munduko meategi handienetakoak baitaude Namibian, baina, azken urteotan, uranioaren eta kobrearen prezioek behera egin dute merkatuan, eta horrek ekoizpena ere jaistea ekarri du.  v  Namibiako itsasertzeko urak, Bengelako ur-lasterrari hotzari esker, oso aberatsak dira mota askotako arrainetan, baina sardina, antxoa eta berdela dira hango arrain mota nagusiak. Independentziaren aurretik, mundu guztiko ontziek egiten zuten arrantzan Namibiako uretan eta arrantza kopuruak asko jaitsi ziren. Burujabetasuna lortu ondoren, Namibiako gobernuak debekatu egin zien kanpoko ontziei bere uretan arrantza egitea eta, horri esker, berriro ere dezente ugaldu dira asko urriturik zeuden hainbat arrain mota.  v  Aberastasun natural handiak gorabehera, Namibiaren merkataritza balantza defizitarioa da, eta Hegoafrikarekin ditu merkataritza harreman gehienak. Industria gutxi du eta biztanleria aktiboaren ia % 40 lanik gabe dago. Namibiako gobernuak, ekonomia suspertzeko beste hainbat neurriren artean, Walvis Bay-ko portuan eremu franko bat ezartzea erabaki du. Diruari dagokionez, 1993 arte, Hegoafrikako rand-a izan zen Namibiako diru ofiziala; baina data hartatik aurrera, Namibiako dolarra da diru ofiziala. Bi garraiobide nagusi dira Namibian: errepidea eta burdinbidea. 55.000 km-ko errepide sarea du, eta 2.380 km-ko burdinbidea. Itsas portu bakarrak, berriz, esandako Walvis Bay eta Lüderitz dira. Nazioarteko aireportua dago Windhoeken. Namibiako ekologia arazo nagusiak ia etengabeko idortearen ingurukoak dira: ur iturri natural oso mugatuak (ez du ibairik lurraldearen barruan) eta basamortuaren zabaltze atergabea.  v  Historia. Lehen Mundu Gerran, Hegoafrikar Batasunean (geroko Hegoafrikan) zegoen britainiar gudarosteak lurraldeko antzinako kolono eta nagusi ziren alemaniarrak garaitu zituen, eta orduan Hego Mendebaldeko Afrika deitzen zen lurraldea mendean hartu zuen. 1921ean Nazioen Elkarteak lurraldea Hegoafrikar Batasunaren eskuetan uztea onartu zuen. 1946an Hegoafrikak Hego Mendebaldeko Afrika bere baitan hartzeko baimena eskatu zion sortu berria zen Nazio Batuen Erakundeari, baina ukatu egin zitzaion baimena. 1958an, Afrikako Hego Mendebaldeko Herri Erakundea (SWAPO) izeneko higikunde iraultzailea sortu zen Hegoafrikaren apartheid politikari aurre egitearren eta, handik urte batzuetara, borroka armatuari ekin zion. 1964an NBEk, bozketen bidez, amaitutzat jo zuen Hegoafrikaren aginpidea lurraldean, eta Hego Mendebaldeko Afrikaren (1968tik hona Namibia deitu zaio, bertakoek esaten zioten moduan) burujabetasunaren aldeko aldarria egin zuen. Hegoafrikako gobernuak, ordea, muzin egin zien agindu horiei guztiei, eta 1969an, probintzia estatusa eman zion Namibiari. Bestalde, Kubak Angolari eta Namibiaren burujabetasunaren aldeko taldeei ematen zien laguntza militarra zela-eta, istiluak izan ziren Namibiako iparraldean. 1978an Hegoafrikak hauteskundeak antolatu zituen Legegintzako Biltzarra eratzeko, baina SWAPOk ez zuen parte hartu, ez baitzuen negoziazioetan sartu nahi, NBEren ardurapean egitekoak ziren independentziari buruzko hauteskundeak onartzen ez ziren artean. 1981ean ministro batzorde bat antolatu zen, konstituzio, defentsa eta kanpo harremanetarako izan ezik gainerako guztietarako aginpide eragilea zuena. 1982an, Hegoafrikak, Namibiarekin hitzarmenak lortzeko, kubatarrak Angolatik joateko baldintza jarri zuen. 1983an, Ministro Batzordea eta Legegintzako Biltzarra deuseztatu ziren, eta Hegoafrikako gobernuak lurraldearen gaineko aginpidea hartu zuen berriro. 1988ko abenduan, NBEren egoitzan, Hegoafrikak, Angolak eta Kubak, NBEren 435. ebazpena hitzartu zuten, non, Angolatik 50.000 kubatar soldadu eta Namibiatik gudaroste hegoafrikarra ateratzeko egutegia finkatzeaz gainera, hauteskunde askeetarako deia ere egiten baitzen. Konstituzioa onartu eta gobernua eratzeko 1989ko azaroko hauteskundeetan (NBEko 5.000 kasko urdinen kontrolpean egin ziren) SWAPO atera zen garaile, alde handiz, Turnhalle Itun Demokratikoaren gainetik. 1990eko martxoaren 21ean Namibiaren burujabetasuna onartu zen, eta SWAPO erakundeko buruzagia, Sam Nujoma, deserritik itzuli ondoren, errepublikako lehendakari hautatu zuten. 1994ko hauteskundeetan ere SWAPOk erdietsi zuen Batzar Nazionaleko gehiengoa eta Sam Nujoma aukeratu zuten berriro lehendakari. Urte berean, Hegoafrikak uko egin zion Walvis Bayko portuaren gainean zuen aginpideari eta, hala, Namibiaren barruan geratu zen portu franko bilakaturik. 1994an eta 1999an Sam Nujoma hautatu zuten berriro ere lehendakari, eta gehingoa lortu zuen, gainera, parlamentuan. 2004ko hauteskundeetan Hifikepunye Pohamb (SWAPO) irten zen garaile.
http://www.grnnet.gov.na/