Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Muruamendiaraz, Edu

Gipuzkoar dantzari eta koreografoa (Bergara, 1964). Hemezortzi zituela, Donostiako Eskola dantza taldean sartu zen, eta han eman zituen ondorengo urteak. Euskal dantza tradizionalaren arloan sari ugari eskuratu du, hala nola Gipuzkoako Txapelketa 1978an Jaione Aranarekin eta, Amaia Agirrerekin batera, Gipuzkoako Dantza Askatuko Txapelketa 1993, 94, 95 eta 96. urteetan, eta Euskadikoa 1993, 94 eta 96an. Gipuzkoako Aurresku Txapelketan ere irabazle izan zen 1995 eta 96 urteetan, baita Euskadikoan ere 1994, 95 eta 96 urteetan. Txapelketetan egin duen lan bikainaz gain, emanaldi ugari egin ditu Euskal Herrian zein atzerrian Eskola taldearekin batera, eta Kepa Junkerarekin batera ere aritu da Europako hainbat hiritan. 35 urte bete ondoren goi mailako dantzan diharduen bakarretakoa da, zeregin hori irakaskuntzarekin tartekatuz. Bere azken urteotako lanik aipagarriena, ordea, 1997an Aukeran taldearen sortzaileetako bat izan zenetik egindako egitasmo berritzailea da. Izan ere, euskal dantza herrikoiak berrirakurri eta berrasmatu ditu, arrakasta handiz, talde honek, eta Edu Muruamendiaraz arduratzen da, dantzatzeaz gain, taldea zuzentzeaz eta horren koreografiak sortzeaz. Taldeak eskaini zuen lehenengo lana Aukeran izenekoa izan zen, 1997an. Hurrengo hiru urteetan, beste lau koreografia sortu eta aurkeztu dituzte: Akilimarro (1998), Errenkan (1999), Zirga Ezean eta Argia Ilunpean (2000).