Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Murtzia

Espainiako hego-ekialdeko probintzia eta autonomia erkidegoa; 11.317 km2 eta 1.035.736 biztanle (1986). Hiriburua: Murtzia. Hiri garrantzitsuenak: Aguilas, Alcantarilla, Cartagena, Cieza, La Union, Lorca, Mazarron, Totana. Mugak: iparraldean, Albacete eta Alacant; ekialdean, Alacant; hego-ekialdean, Mediterraneo itsasoa; hegoaldean, Mediterraneo itsasoa eta Almeria; mendebalean, Almeria, Granada eta Albacete. Oso lurralde lehorra da; Segura da ibai nagusia eta gainerakoak haren ibaiadarrak dira: Sangonera, Mula, Quipar, Argos, Benamor.  v  Ekonomia. Batez ere nekazaritza du oinarri (fruituak, barazkiak, laboreak); meategiak ere garrantzi handikoak dira (beruna eta zinka); abere hazkuntza, kimika industriak, gatzagak, metalurgia, ontzigintza, kontserba-industriak.  v  Historia. Iberiar leinuak izan ziren Murtziako lehenengo biztanleak. Greziarrak, feniziarrak, erromatarrak eta kartagotarrak lehian ari izan ziren Mediterraneoko bazter hori menderatzeko. K.a. 223. urtean Asdrubalek Cartago Nova hiria sortu zuen (gaur egungo Cartagena). 209. urtetik aurrera erromatarrek bere mende izan zuten Murtziako lurraldea. V. mendearen hasieran, bisigodoak nagusitu eta Murtzia eskualde independentea izan zen, harik eta bizantziarrek hartu zuten arte. VIII. mendetik XII. mendea bitartean musulmanen mende egon zen, eta XII. mendean gaztelarrek beretu zuten. XIX. mendearen bukaeran ekonomiaren beheraldiak murtziar asko eta asko Kataluniara lan bila joatea eragin zuen. 1982an Murtzia autonomia erkidego bihurtu zen.