Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mujika Mujika, Gregorio

(«J.M. de Oyarbide», «G. de Bayona», «Jeme», «Berrizale», «Zarzale», «J. de Zumarregi», «Bildari», «Deñoko’tar Goserio»). Gipuzkoar idazle eta euskaltzalea, Serapioren semea (Ormaiztegi, 1882 - Donostia, 1931). Beasainen eta Donostian egin zituen ikasketak. Perito industriala eta ingeniari mekanikoa zen. 1907an hasi zen Euskal Esnalea eta RIEV agerkarietan idazten eta hitzaldiak ematen euskararen alde. 1911n Euskalerriaren alde erakundea eta aldizkaria sortu zituen. Eusko Ikaskuntzako I. Biltzarrean, Oñatin, idazkari moduan parte hartu zuen (1918). 1918-1930 bitartean erakunde hartako idazkariordea izan zen. El Pueblo Vasco, Argia, eta Euzkadi agerkarietan idatzi zuen. Gregorio Mujikarenak dira: Euskalerriaren alde, Elgoibar’ko Euskal-Jaietan irakurritako itzaldia (1907), Eibar’ko seme ospatsuen berri batzuek (1908), Iturriaga-Kardaberaz-Urbieta (1910), Lorak eta ogia (1910), ipuina; Maitasunez erein!; Zurtasun gogoa (Nazario Oleagak itzulia); Fernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak (1927); Los titanes de la cultura vasca, hil eta gero bildutako elkarrizketa bilduma (Lhande, Campión, Urquijo, Aranzadi, Agirre, Echegaray, etab.); Monografía histórica de la villa de Eibar (1910); eta Utzi bearko!, Neskame berria, Gizon bikañak eta Saski-Naski antzerkilanak.