Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moschino, Franco

Italiar diseinatzailea (Milan, 1949 - 1994). Labe garaiak zituen famila aberats bateko semea zen. Hamabost urte zituela Brerako Arte Ederretako Eskolara joan zen. Ondoren lanbide ugaritan aritu zen, Europako moda diseinatzaile ospetsuenetako bat bihurtu aurretik: kontulari, argazkilari laguntzaile, liburu saltzaile, haurrentzako ipuinen marrazkilari. Milanen Gianni Versace ezagutu zuen eta hark ilustratzaile gisa hartu zuen bere publizitate kabineterako (1970). Hala ere, benetako aukera Cadette etxearen eskutik etorri zitzaion, han zuzenean parte hartu baitzuen hainbat bilduma osatzen. 1983an egin zuen bere lehenengo bilduma. Berritzailetzat hartzen da Moschino, modaren inguruan dituen ideiak direla-eta: baztertu egiten ditu modernitatea eta dotoretasuna, eta nabarmenkeria eta fantasia sartzen ditu bere filosofiaren barruan. Ehunak, estiloak eta koloreak nahastea izan da Moschinoren ezaugarri nagusia. Azken urteetan ume seropositiboen aldeko lanetan aritu zen buru-belarri.