Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moretti, Nanni

Italiar zinema zuzendaria eta antzezlea (Brunico, 1953). Ni autarkiko bat naiz (1976) lana izan zen lehenengo film luzea, Super 8-an egin zuena. Arrakasta handia izan zuen lan horrek, eta 16 mm-ra pasatu zuten banatu ahal izateko. Ondoren Ecce bombo (1978) egin zuen, Cannes-eko zinemaldian lehiaketaz kanpo aurkeztu zena. Urrezko ametsa (1981) lana paradoxa bat izan zen: Veneziako Jaialdian epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen, zinema aretoetan, aldiz, porrota izan zen. Bianca (1984) eta La messa é finita (1985) lanekin hasi zen Moretti eskura duen guztia salatzen duen gizonaren ospea hartzen. Poliki-poliki Italiako kontzientzia kritikoetako bat bihurtu zen, nahiz eta erabiltzen duen umoreari esker ikusleen artean arrakasta handia lortu duen. Bere filmak atseginak dira, umoretsuak eta nabarmen uzten dute politikarien ustelkeria. Nazioartean arrakasta handiena izan duen lana Caro diario (1994) izan da. Moretti zenbait lanetan aurreratu egiten da Italiako historiako gertakizunetara: esate baterako, komunismoaren beheraldia eta alderdi sozialistaren legez kanpoko komisioen eskandalua aurreikusi zituen. Horren adibide dira Palombella rossa (1989) eta La cosa (1990), Italiako alderdi komunistaren nahasmendua erakusten dutenak; edota Bozeramailea, ministro sozialista ustel baten istorioa. Antzezle gisa bi film aipagarritan parte hartu zuen: Padre Padrone (1978) eta Riso in bianco (1984).