Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Monteverdi, Claudio

Italiar musikagilea (Cremona, 1567. urtean bataiatua - Venezia, 1643). M. Ingegneriren ikaslea izan zen. Mantuako Dukea zen Vincenzo Gonzagaren zerbitzari sartu zen 1590. urtean, biola-jotzaile gisa, eta 1602. urtetik aurrera kapera eta ganberako maisu izan zen; hamaika urtez izan zituen bere esku kargu horiek. 1595 urtean Hungarian izan zen nagusiarekin, eta 1599. urtean Flandesen; bertan idatzi zituen Scherzi musicali ospetsuak. Florentziako eskolako esperientziak eta lanak aztertu ondoren drama lirikoak idatzi zituen: La favola d´Orfeo (1607) eta Ariadna (1608); lehena guztiz berrizalea zen, indar dramatikoa eta orkestraren adierazkortasuna bateratzen baitzituen. Vincenzo Gonzaga hil zenean, eta familia ere galdu zuela, Mantuatik Veneziara joan zen, eta 1632an apaiz egin zen. Harrezkero gutxitan irten zen Veneziatik eta irakaskuntzan jardun zuen. Haren ikasle izan ziren G. B. Rovetta, F. Cavalli eta H. Schütz. Venezian antzoki lirikoak zabaldu zirenean, Monteverdik berriz ere dramak idazteari ekin zion. Operak, madrigalak, eliz musika eta oratorioak idatzi zituen baina haren musika lan asko galdu dira. Zazpi operetatik hiru gorde dira: La favola d’Orfeo (1607); Il Ritorno d’ Ulisse in patria (1641); L’incoronazione di Poppea (1642) gai historikoa duen lehen drama lirikoa. Beste lan dramatikoak: Il ballo delle ingrate (1641); Il combattimento di Tancredi e Clorinda, oratorioa (1624). Madrigal bildumak: Canzonette a tre boci, libro primo (1584); Madrigali guerrieri et amorosi… (1638); Madrigali e canzonette (1651) hil ondoren argitaratua; Escherzi musicali (1606-1632). Eliz musika: Sacrae cantiunculae tribus vocibus (1582); Madrigali spirituali a quattro voci (1583); Sanctissimi viriginis Missa senis vocibus ad ecclesiarum choros ac Vesperae (1610); Selva morale e spirituale (1640); Messa a quattro voci et Salmi a una, due, tre, quattro, cinque, sei, sette, e otto voci… (1650, hil ondoren argitaratua).  v  Monteverdi aldi berean, azken madrigalen egilea eta lehen opera egilea izan zen. Bestalde, XVI. mendeko azken polifonista bikaina eta XVII. mendeko lehen lirikoa izan zen. Liturgia musikan XVI. mendeko polifonia izan zuen oinarri; bestelako musikan, berriz, askatasunez jokatu zuen, eta hurrengo mendeetako musikagileen aitzindari izan zen.