Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mitterrand, François

Frantses politikaria (Jarnac, 1916 - 1996). Frantziako Errepublikako lehendakari 1981-1995 bitartean. Erresistentzian borrokatu zen Bigarren Mundu Gerran, eta De Gaulleren gobernuan parte hartu zuen gerra amaitu ondoren (1944). Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, UDSR alderdi sozialistaren lehendakari izendatu zuten. Diputatu, senatari eta ministro izan zen behin baino gehiagotan. 1971. urtean Frantziako alderdi sozialistaren idazkari nagusi aukeratu zuten. Minbiziak aspalditik jota, 1994an adierazi zuen ahalik eta luzaroan egongo zela lehendakaritzan. Bere agintaldiaren amaieran ezbehar larriak gertatu zitzaizkion: Alderdi Sozialistaren hondamena ikusi zuen; ustelkeriaz akusatuta, Pierre Bérégovoy bere Lehen Ministroak bere buruaz beste egin zuen, eta orobat bere lankide François de Grosouvrek; komunikabideak Mitterrandek nazien okupazioaren garaian izan zuen paper iluna ikertzen hasi ziren, eta argitara atera zuten ezkutuko alaba bat zuela. 1995ean Jacques Chirac-i utzi zion lehendakaritza, eta bizitza publikotik apartatu zen.